2014(e)ko abenduaren 21(a), igandea

AMAIERA

Azkenean, IKT ikasgaiaren amaierara heldu gara. Orain arte hemen azaldutako guztia izan da klasean eman duguna, nahiz eta ikasturte honetan IKT gehiagorik ez eman, ziur nago ikasten eta hobetzen jarraituko dudala.


Ikusten duzuenez, hau nire azken sarrera da, horretarako bideo baten bidez agur esaten dizuet eta hurrengora arte!!


Amara Berrri

Amara Berri sistema ikaslea ardatza izanik, eskola elkarte osorako hazkunde proiektua da.




Amara Berri sistema (informazio zehatz gehiago).

GAINONTZEKO AURKEZPENAK

Ikaskuntza-gurpileko aurkezpenez gain, dokumentatzaileen lanaren aurkezpenak, Sitesen aurkezpenak eta Teknografien aurkezpenak egon dira.

Dokumentatzaileen eta Sitesen aurkezpenak egotea ezinbestekoa iruditzen zait. Besteek egindako lana ikustea asko gustatu zait ikasten jarraitzeko balio duelako; zer egin duten ondo eta txarto ikusi daiteke, zer aldatuko genuke gure lanetatik besteenak ikusi ondoren edo besteen lanetatik zer aldatuko genuke gure lanean hobeto dagoela uste dugulako, eta  abar.

Dokumentatzaileen lehenengo taldea: Talde honen Sitesa oso ondo dago, gauzak modu argian daude azalduta eta praktikako aurkezpenean egin zuten ariketa oso ideia ona iruditu zitzaidan. Haien Siteseko kolorea aldatuko nuke seriotasuna galtzen duelako eta bertan agertzen den informazioa kalitate onekoa izango ez dela iruditzen zaidalako.

Dokumentatzaileen bigarren taldea: Talde honen Sitesa oso ondo dago, gauzak modu argian eta zehatzean daude azalduta, euskararen aldetik maila ona dutela nabaritu egiten da. 

Dokumentatzaileen laugarren taldea: Argi dago, talde honek teknologiari buruz gehien dakien taldea dela. Hauen Sitesa da gehien gustatzen zaidana, bai bertan agertzen den informazioa eta bai informazio hori nola antolatu duten. Lan bikaina egin dutela uste dut.

Sitesak, orokorrean ondo daudela iruditzen zait, nahiko sinpleak dira eta taldearen lanak biltzeko modua da. Alde batetik ikusi dezakegu nola Ester Diegoren taldeak Sitesa modu batean antolatu duen eta gainontzeko biak beste modu batean. Gehien gustatzen zaizkidanak lehenengo bi taldeen Sitesak dira, informazioa modu desberdinean antolatuta egon arren, bi horietan modu argiagoan dagoela ematen duelako edo nik behintzat, bertan agertzeen den informazioa hobeto ulertzen dut. 

Bestalde, teknografiaren lana ez zait aurrekoa bezalako garrantzitsua iruditzen, baina asko gustatu zait eta guztiok bakarka egin beharreko lana dela uste dut, nahiz eta klase aurrean ez aurkeztu. Nire ustez, guztiok gelditu beharko ginateke momentu bat irakasleak zergatik izan nahi dugun pentsatzera.


Teknografien aurkezpenekin ez dut asko sakonduko, modu ezberdinean eginak egon arren nahiko antzekoak direlako guztiak. Horretan nota jartzea zaila iruditzen zait bakoitzaren bizitzaren kontakizuna delako, baina guztien arten, bi bereizten ditut. Alde batetik, Mireiaren teknografia aipatzea beharrezkoa ikusten dut, lan hau egiteko baliabide berri bat erabili duelako eta gainera, klase aurrean nola erabiltzen zen azaldu zuelako. Bestalde, Gontzalen teknografia dago, nire ustez besteengandik gehien desberdintzen den teknografia da bideo bat egin zuelako, berak hitz egiten agertzen den bideoa eta ez dut txarto dagoela esaten, lan hau egiteko beste bide bat da eta, baina niri gutxien ailegatu zaidan teknografia izan da.


IKASKUNTZA-GURPILPEKO TALDEKIDEEN HAUSNARKETA

Hasierako aurkezpenak izan ziren hauek, orokorrean gai oso garrantzitsuak atera dira eta bakarkako hausnarketa bat egitera bultzatzen gaituzte. Niretzat, ia gehienak gai berriak izan dira eta haietaz zerbait ikastea asko gustatu zait hezkuntzarekin lotura handia dutelako. Hauen hausnarketa dagokien dokumentatzaileen Sitesean dago, haien lanarekin, erabilitako dokumentuekin eta aurkezpena egin zuteneko argazkiekin batera. 

Klaseko dokumentatzaileen Sitesak:

AUTOEBALUAKETA

IKT irakasgaiaren metodologia azaldu ziguten egunean, ez nekien oso ondo nola egingo nion aurre eta hasiera batean, nahiko galduta egon nintzela esan beharra dago. Teknologiarekin lan egitea gustuko dut, baina ondo ezagutzen ez ditudan programekin oso traketsa naizenez, beldur pixka bat nion. Blogak, Sitesak,… sortzeko eta garatzeko jarraitu beharreko urrats finkorik ez edukitzeak askatasunaren seinalea da, baina gauza horiek sortzen dudan lehenengo aldia izan denez, nondik hasi ere ez nekien.

Azkenean, bidean topatu ditudan zailtasun guztiak gainditzea lortu dut eta eskertzen dut bloga bakarka egiteko lana izatea, horrela bakoitzak ikasgai honetako klaseak nola bizi dituen azaltzeko aukera duelako eta gainera, taldekako eta bakarkako lanak egitea nahiago dut. Bestalde, taldeak txikiak izatea ere asko eskertzen da, horrek taldeko harremana hobea izatea laguntzen duelako.

Orain, ikasgai honen azkeneko klaseetan, klase hauen helburua zein den ulertzen hasi naizela uste dut. Normalean, irakasle bat klasera heltzean materia asko irakasteko joera du, klase bakoitzean irakatsi nahi duena planifikatzen du, baina ikasgai honen planifikazioa bestelakoa dela esatera ausartuko naiz. Honen helburua, klaseak emateko baliabide desberdinak ezagutzen joatea da, gero guk gure gustukoa edo eroso sentitzen garen baliabidea aukeratzeko, baina ez hori bakarrik. Baliabide desberdinak ezagutzeaz gain, hezkuntzarekin lotura duten gauza asko ikasi ditugu: eskola 2.0, web 2.0, konpetentzia digitala, klaseak emateko modu berriak, eta abar. Honetaz aparte, klase hauek beste gauza oso garrantzitsu bat ikasteko ere balio izan dute, hau da, dokumentatze lana.

Niri dokumentatze lana egokitu zait eta egia esateko, ez nuke nire lana aldatuko. Oso gustura jardun dut nire taldekideekin, jadanik nola egiten duten lan ezagutzen nuelako eta horrek asko erraztu du gure lana. Gainera, taldekide guztiak teknologien aldetik jakintza maila antzekoarekin hasi ginen eta pixkanaka pixkanaka, jakintza hori garatzen joan gara. Oso harro nago beraiekin egindako lanarekin eta gure helburuak bete ditugulakoan nago.
Guztiok modu berdinean eta gogotsu lan egiten egon garenez, 9 bat jarriko nieke. Gauza berriak ezagutzeko prest egon garelako, eta zailtasunak izan arren, amore eman gabe aurrera jarraitzea lortu dugulako.

Ikastola batean dokumentatzea umeen inguruan gertatzen den guztia behatzea, hausnartzea eta partekatzea dela esango nuke. Hiru atal horietako bakoitza ezinbestekoa da dokumentatze lana ondo eginda egoteko, hau da, dokumentatzea ez da bakarrik gertatzen dena grabatzea eta gero grabazio hori beste bati ematea, baizik eta grabatutakoari buruz hausnarketa bat egitea eta gero, grabazioa edo hausnarketa partekatzerako orduan azalpenak/ondorioak ematea.
Eskoletan dokumentatzea ideia ona iruditzen zait klasean teknologia berriak sartzeko aukera eskaintzen duelako, klaseak ez liratekeelako aspergarriak izango eta hezkuntzan ikertzeko aukera paregabea delako.

Nire ustez, irakasgai honetan azterketa ez egitea oso ideia ona da, azterketa ikasgaiak bere funtsa galtzea ekarriko lukeelako. Eroso lan egiten gaudenean, gure kabuz informazio berria bilatzen dugu eta gauzak ikasten ditugu (argi dago irakaslearen laguntza behar dela gu apur bat bideratzeko), azterketarekin, aldiz, ikastera behartuta sentitzen gara eta orduan gauzak buruz ikasten ditugu bi egun barru ahazteko eta horrek etorkizunean ez digu lagunduko.

Bederatzi bat jartzen diot neure buruari. Asko ikasi dut; gogotsu lan egiten egon naiz; zailtasunekin topo egitean, berehala beste bide bat bilatu beharrean zailtasunaren zergatia zein zen bilatzen nuen; egindako lana aurkezteko orduan azalpen onak eta ulergarriak eman ditudala uste dut; errespetu osoz egon naiz klasean egunero klasera etortzen eta ordua heldu baino lehen klasetik ez irteten, eta abar.



2014(e)ko abenduaren 18(a), osteguna

13. PRAKTIKA (2014/12/18)

Hau IKTko azken klasea izan da eta horretarako ordu erdi luzatzea erabaki dugu.

Aurreko asteetan amaitu barik utzitako aurkezpenak izan ditugu eta IKTak erabiliz bi ariketa desberdin proposatu dituzte:
Lehenengoa, ordenagailuan Hot Potatoeseko ariketak egitea izan da, aurten ikasgai honetan ikasitako gauzei buruz; eta bigarrena, Whatsapp-a erabiliz, taldeka Power Point bat sortu dugu, haiek whatsapparen bitartez bidalitako jarraibideak jarraituz eta haiek sortutako Sitesera igo dugu.











Amaitzeko, gimnasiora jaitsi gara Paolo Freireren bideo bat ikusteko asmoz, baina ikusteko arazoak izan ditugunez, azkenean gure taldeko autoebaluazioa egin dugu eta IKT ikasgaiari buruzko debate txiki bat ireki dugu, batzuk haien kexak, iritziak, usteak eta abar adieraziz.


ZAZPIGARREN KLASE TEORIKOA (2014/12/18)

Gaur teoriako azken klasea izan dugu, falta zen dokumentatzaile taldearen aurkezpena entzun dugu eta ondoren, Alaitzen ikasgaiari amaiera emateko bideo eta testu interesgarri batzuk erakutsi dizkigu.

Nire ustez, ondoko bideo hau izan da erakutsi digun gauzarik interesgarriena, bertan ideia sakon asko agertzen direlako eta bideoko emakumearekin ados nago.



Azkenik, irakaslearen ebaluazioa bete dugu eta etxean egin beharreko hausnarketak batu ditu.



2014(e)ko abenduaren 17(a), asteazkena

12. PRAKTIKA (2014/12/12)

Gaurko klasea, modu nahiko desatseginean hasi da. Atzo Alaitzek bidalitako mezu bat gaizki ulertuak sortu ditu eta eztabaidatzen hasi dira. Azkenean, dena argitu dugu eta hurrengo klase teorikorako irakasgaiaren ebaluazio idatzia entregatu behar dugula esan digu, bertan gure autoebaluaketa, gainontzeko taldeen ebaluaketa,... agertu behar direlarik.
                                            

Eginbeharreko lanarekin lotura zuen guztia argitu ondoren, aurkezpenekin jarraitu dugu. Oso aurkezpen interesgarriak izan dira eta teknografia gehiago ikusi ditugunez, teknografia desberdinak daudela antzemateko aukera izan dugu. Teknografia batzuk beste batzuk baino pertsonalagoak dira, baliabide desberdinak erabili dituzte,...

Nahiz eta klasea modu oso desatseginean hasi, klaseko giroa apur bat lasaitu egin dela eta teknografiak ikustean gozatzeko gai izan garela uste dut.

SEIGARREN KLASE TEORIKOA (2014/12/11)

Aurreko astean ez genuen klaserik izan "modulo astea" izan zelako eta taldeka TIM lana amaitzen egon ginen lana entregatzeko epea hurbil baitago.


Ostegun honetan aurkezpenak egon dira berriro ere, baina gaurkoak desberdinak izan dira, hau da, dokumentatzaileon txanda izan da eta ikasturte honetan egindako lanaren aurkezpena egin behar izan dugu. Lau dokumentatzaile talde daude, baina hiru aurkezpen egiteko astia bakarrik izan dugu.


                                          

Orokorrean nahiko ondo egon dela deritzot, talde bakoitzak egindako lana eta sortutako Sites-aren antolaketa oso ondo eta naturaltasun osoz azaldu dugula uste dut. Lan interesgarriak atera dira eta prozesua luzea eta zaila izan arren, azkenean, genituen helburuak lortu ditugulakoan nago.

Amaitzeko, esan beharra dago klasea oso adi egon dela haien lanak eta horiei buruz egindako hausnarketak ateratzen zirelako, geneukan iritzia jakin nahi zuten.

2014(e)ko abenduaren 8(a), astelehena

11. PRAKTIKA (2014/12/11)

Gaur egun gogorra izan dugu,  gai berdinari buruzko bi aurkezpen egin behar izan ditugu, hau da, aurkezpen bat teoriako klasean eta beste bat praktikako klasean.

Hau egin behar genuela esan zigutenean, gure zalantza eta beldurra aurkezpen bakoitzean zer esango genuen ez jakitea zen, pertsona berdinei zuzenduta egongo zelako, gai berdinari buruz, baina gauza desberdinak azaldu behar genituen errepikagarria izan ez zedin.

Azkenean, teoriako aurkezpenean gure Sitesari buruz hitz egitea erabaki genuen (antolamendua, aurkezpenen hausnarketa,...) eta praktikako aurkezpenean gure lanaren prozesuari buruz hitz egitea.

Praktikako aurkezpenaren helburua, esperientziak elkartrukatzea zela kontuan izanda, zerbait guztiz desberdina egitea erabaki genuen. Gloster programaren bidez, 4 galdera proposatu genituen taldekideen arreta bereganatzeko klasean eztabaida bat sortuz eta guztien iritziak partekatuz.

                     



Gure aurkezpena amaitutakoan, beste aurkezpen batzuk egon dira eta gero, gimnasio txikira jaitsi gara bertan teknografiak ikusteko. Gimnasioko giroa teknografiak ikusteko oso egokia izan da gertutasuna transmititzen zuelako. Oso politak eta emotiboak iruditu zaizkit.


Nire taldearen Sitesean sartuz gero, aurkezpenak egin eta gero, idatzitako gure azken balorazioa irakurri dezakezue.

10. PRAKTIKA (2014/11/27)

Aste honetan, praktikako klase bakarra izan dugu ostiralean klaseak 11:30etan amaitzen direlako graduazioa dela eta. Denbora soberan ez dugunez, hurrengo ostegunean, "modulo astean" klasea emango dugula erabaki dugu.

Gaurko klasean talde lana egiten jarraitu dugu. Taldekide guztiak batera eta gertu lan egiteko, klaseko bi ordenagailu eta portatil bat erabiltzen egon gara. Sitesean behatu behar ditugun talde guztien argazkiak, lanak, irakurritako testuak eta ondorioak idazten joan gara.
Oso pozik gaude gure Sitesa forma hartzen doalako.

                                                        

Oso deigarria izan da, gaur ordua baino apur bat lehenago inor ez altxatzea eta klasetik irtetea autobusa hartzeko.

9. PRAKTIKA (2014/11/21)

Klasean sartzean ordutegiekin eztabaidatzen topatu ditut, 15 minutu lehenago atera nahi dira ostegun eta ostiraletan gero ordu oso bat autobusa itxaroten egon behar ez izateko, baina guztira astero 30 minutu galduko genituzke eta hori errespetu falta da. Ordutegian aldaketak egiten saiatu gara guztiok pozik egoteko, baina ez dugu lortu, ordutegian ezin ditugu aldaketarik egin.

Ondoren ondoko bideo hau jarri digu: https://www.youtube.com/watch?v=zlaWp5aYey0


Bideoan agertzen den gizonak, ordenagailuak herrialde azpigaratuetara eraman ditu eta umeak haien kabuz asko ikasi ahal dutela nabaritu du. Ikasleak taldeka ordenagailuetan egiten zuten lan eta bere hausnarketen arabera, ikasleengan konfiantza izan behar dugu ezin dugulako jakin denbora guztian zer dauden egiten. Amaitzeko, ordenagailuekin gehiago  ikasten dela dio "memoria visual" dela eta, gainera askok gauzak ikertzen jarraitzen zuten klasea amaitzean.

Gaurko klasean deigarria izan da musikarekin lan egiten egon garela, Alaitzek "The very best of Moby" jarri digu.


Klaseari amaiera emateko, ondoko artikulu hau irakurri dugu eta bertan agertzen den bideoa ikusi dugu.

Oso interesgarria da, bakoitzak bere hausnarketa egitera bultzatzen gaitu eta gainera, dokumentatzaile lanarekin harreman handia dauka.

Klasetik irten baino lehen, bakoitzak honekin lotura duen hitz bat esan du. Nik aukeratu dudan hitza ERRUTINA izan da.



2014(e)ko abenduaren 6(a), larunbata

BOSGARREN KLASE TEORIKOA (2014/11/27)

Gaur ere aurkezpenekin jarraitu dugu, lehenengo bi taldeen aurkezpenak behatzea egokitu zaigu oraingo honetan.
Dokumentatu behar izan ditugun taldeen gai orokorra konpetentzia digitala izan da, baina talde bakoitzak testu desberdinak landu behar izan ditu. 

Guztiek oso ondo egin dute, baina hasierako aurkezpenekin konparatuta, guri egokitutako taldeek hobeto egin dutela uste dugu, hala ere, aurkezpena prestatzeko denbora gehiago izan dutela kontuan hartu behar da. Bestalde, gure bikoizketan ez dauden taldeak direla nabaritu egin da, guk erabiltzen ikasi ez ditugun programak erabili dituztelako.

Oso interesgarriak iruditu zaizkit erabili dituzten baliabide guztiak. Nire ustez, klasearen arreta gehien bereganatu duten taldeak powtoon-a erabili dutenak izan dira, baliabide ezezaguna izan delako gehienontzat.

Amaitzeko, asko gustatu zait talde batek proposatu duen hausnarketa, ea nahiago dugun ikasleek ordenagailuekin lan egitea edo dena eskuz egitea. Denbora behar izan dut nire erantzuna pentsatzeko, baina azkenean erabakirik onena gauza biak erabiltzea izango litzatekeela uste dut, hau da, ondo dago ikasleek ordenagailuekin lan egiten ikastea, baina muga batzuk jarri behar zaie teknologia gehiegi erabiltzeak ere bere alde txarrak dituelako.

(Gaurko klasean oso pertsona gutxi egon gara, Alaitzi ez zaio bat ere gustatu eta horregatik zerrenda pasatu du klase hasieran).

2014(e)ko azaroaren 20(a), osteguna

8. PRAKTIKA (2014/11/20)


Sitesean lan egiten egon gara eta arazo asko eduki ditugu behatu behar ditugun taldeen link-ak jartzeko orduan, Paint-eko irudi bat egin dugulako non taldekide bakoitzaren izenak agertzen ziren eta taldekide berdinekoak batera kolore berdinarekin,... baina irudi bat denez, link-ean klikatuz gero ez gaitu beste orrialde batera eramaten, beraz, ez digu balio.

Irakasleak beste modu bat azaldu digu taldekideen link-ak Sitesean jartzeko, baina apur bat zailagoa da eta guztiz berria guretzat, horregatik, denbora behar izango dugu honen funtzionamendua ulertzeko.

                                             

LAUGARREN KLASE TEORIKOA (2014/11/20)


Gaurko klasean aurkezpenekin jarraitu dugu eta nire taldeari azkenengo 3 taldeen aurkezpenak behatzea egokitu zaizkigu. Talde horien behaketa aurrera eramateko taldeko bi aurrean jesarri gara aurkezpena grabatzeko eta bertatik ikusten genuena komentatzeko, beste biak aldiz, klasearen atzeko aldean jesarri dira. Gure ustez, hau oso garrantzitsua da, modu desberdinean eta gauza desberdinak antzematen direlako aurrean edo atzean jesarriz gero.



Aurkezpenak egin dituzten taldeen lana, taldeko Sitesean dokumentatuko dugunez, hementxe usten dizuet bertara ailegatzeko link-a:

2014(e)ko azaroaren 16(a), igandea

7. PRAKTIKA (2014/11/14)

Gaurko klasean ez dugu taldean lan egiteko aukerarik izan, hasieran irakasleak teknologiarekin egin daitezkeen gauza berriak erakutsi dizkigulako eta gero, sortu den eztabaidarekin jarraitu dugulako.

Hona hemen gaur erakutsi dizkigun baliabide berri batzuk:

 


Nahiz eta bakoitzak bere ordenagailuan lan egiten ez egon, oso klase baliogarria iruditu zait eta genituen zalantza asko argitu direlakoan nago. Irakasgai honen helburua zein den ulertuta, gogotsu eta erosoago egingo dut lan.



Amaitzeko, hemen txertatzen dut, hezkuntzak jasan dituen aldaketa batzuei buruz hitz egiten duen bideo interesgarri bat:


6. PRAKTIKA (2014/11/13)

Aurreko astea "modulo astea" izan zenez, ez genuen klaserik eman eta horregatik gaur da seigarren praktika.

Gaurko saio praktikoan taldean egon gara gure Sitesari forma ematen. Hasteko taldearen aurkezpena idatzi dugu eta behatu behar ditugun taldeekin harremanetan jartzen hasi gara haien blogak eskatuz… Dena dela arazoak izan ditugu Sitesa editatzeko orduan baina azkenean, irakaslearen eta gai honi buruz asko dakien klasekide baten laguntzarekin lortu dugu.

                                   




Konturatu gara sortutako Sitesaren jabe gisa, taldeko bat bakarrik agertzen zela eta horregatik, nahiz eta Sitesa guztiekin partekatuta egon besteok ez geunden baimenduta mota guztietako aldaketak egiteko.

HIRUGARREN KLASE TEORIKOA (2014/11/13)

Aurreko astean ez genuen klaserik izan "modulo astea" izan zelako eta horregatik, taldeka TIM lana egiten hasi ginen.

Ostegun honetan, aurkezpenak egiten hasi dira. Nahiz eta aurkezpenak guztiontzat zuzenduta egon, bakarrik dokumentatzaile talde bik egingo dute lan horiekin. Guztira 5 aurkezpen egon direnez, klasearen iraupen ia guztia horretan eman dugu.

Honen ostean, aurkezpenak egin dituzten bitartean sortu diren galderak eta hausnarketak komentatu ditugu. Dokumentatzaileei buruzko informazioa eta lan egiteko era aipatu da, oso garrantzitsua iruditu zait talde lana burutzeko nire taldeari dokumentatzaile lana egokitu zaiolako.

Dokumentatzaileak prozesu osoaren bidean fijatu behar gara, ez bakarrik eduki eta emaitzetan, gauza asko gertatzen dira prozesu horretan zehar eta hori behatu eta kontuan hartu behar dugu. Adibidez: taldearen aurkezpenean bakarrik fijatu beharrean, klasekideen jarrera nolakoa den ere behatu behar dugu eta horretarako oso ideia ona iruditu zait klaseari argazkiak ateratzea gero taldearen sitesean, egindako lanarekin batera eskegitzeko.


Argazki hau jartzea erabaki dut, oso ondo azaltzen duelako askotan helmugarako bidean topatu ditugun erronkei aurre egitea, helmuga bera baino garrantzitsuagoak direla.

2014(e)ko azaroaren 5(a), asteazkena

5. PRAKTIKA (2014/10/31)

Klaseko ordu osoa talde lanean jarduteko izan da, hori dela eta, irakasleak aurreko egunean eman zizkigun materialak begiratzen egon gara, testuaren ideia garrantzitsuenak atera ditugu eta Sites bat sortu dugu bertara igo behar dugulako taldeka egiten dugun  guztia.

Hau da irakasleak irakurtzeko eman zigun testua "II La escuela y los medios de comunicación", Joan Ferresena da eta hauek dira ateratako idea garrantzitsu batzuk:

XIX. mendearen amaieratik, zinema sortu zenetik arazoak sortzen hasten dira ikus-entzumenekin. Alde batetik, kontuz ibili behar gara komunikabideen bidez jasotzen ditugun mezu hezitzaileekin eta bestetik, hezkuntzan komunikabideak erabiltzeko eztabaida hasten da. Irakasleak komunikatzaileak dira, ikasleei gauzak komunikatu behar dizkiete bide egokiena eta eraginkorrena erabiliz.

Gure garaia, kaosaren, nahasmenaren eta krisiaren garaia izenarekin da ezaguna, baina hori ez da zertan txarra izan behar. Aldaketak gertatzen ari diren garaia dela esan nahi du. Teknologia berriak eta komunikaziorako eta informatikarako teknologiak direla eta, komunikabideak hezkuntzan gero eta garrantzi gutxiago dute, zuten eragina atzera egiten hasi da.

Askotan irakasleak ez dira eroso sentitzen klasean IKTak erabili behar dituztenean, horretarako irakasleentzako kurtsoak daude IKTak ondo erabiltzen ikasteko, baina arazoa da klase ematerakoan ez diogula garrantzia ematen teknologien bidez lortzen dugun komunikatzeko gaitasunari eta kontuan izan behar dugu teknologia bera erabiliz, komunikazio eraginkorra lortu al dugula edo ez.


                                    

4. PRAKTIKA (2014/10/30)

Klase hasieran klasekide batzuen blogak ikusten hasi gara baina bat-batean alarma bat entzun dugu. Hasieran alarmaz paso egin dugu ez genekielako nondik zetorren, oso ahula zen bere soinua eta ordenagailu batena izango zela pentsatu dugu, baina soinua jarraitzen zuenez, atea ireki eta sutearen simulazio bat zela esan digute, beraz, klasetik irten gara denok eta kalean itxaron dugu berriro klasera sartzeko baimena izan arte.



Klasearen hasiera berezi hau eta gero, taldeko lana egiten hastea utzi digu. Niri dokumentatzaile lana egokitu zaidanez laguntza eskatu diot zer egin behar genuen jakiteko, besteen lanarekin konparatuz gero lan desberdina delako. Irakasleak zenbait material eman dizkigu gure lanaren helburua zein den ezagutzen joateko. 

2014(e)ko azaroaren 3(a), astelehena

BIGARREN KLASE TEORIKOA (2014/10/30)

Aurreko astean greba egon zenez, ez nintzen klasera joan eta ez zuten materiarik aurreratu.

Gaurko klaseari hasiera emateko, irakasleak ondoko bideo hau jarri digu: klaseak modu desberdinean antolatzeko baliagarriak diren 5 aldaketei buruz hitz egiten du.

Hemen txertatu dut 3. klase praktikoan emandako argibideak jarraituz.





Bideoa ikusi ondoren, irakasleak testu bat irakurri digu eta gero, taldeka jesarri gara talde lana egiten hasteko.

2014(e)ko urriaren 24(a), ostirala

IKTak, hezkuntza aireberritzeko aitzakia

Testu hau irakurri behar izan dugu eta ondoko ariketak egin:


     TESTUA
https://drive.google.com/file/d/0BwKRXJYxE7M3cDQwWUdwaFdBdkE/view 


     ARIKETAK:

2 galdera proposatu:

Zergatik erabili behar ditugu IKTak eskolan?

Zeintzuk dira IKTak hezkuntzarako eskaintzen dituen aukerak? 


5 hitz gako:

Hezkuntza, berriztatu, alfabetatu, teknologia eta aktiboa.


Sintesia:

Gizartea aldatzen joan den bitartean eskola nahiko atzeratuta geratu da, horregatik IKTak eskolan erabiltzea aukera ona da eskola gaur egungo errealitateari egokitzeko, talde lana, partaidetza, ikasleen izaera aktiboa bultzatzeko, etab. Irakasleok jarrera arduratsua izan behar dugu, ondo aztertuz proposamen teknologiko bakoitzaren atzean hezkuntzaren zein ikuspegi dagoen.



 

LEHENENGO KLASE TEORIKOA (2014/10/16)

IKTko lehenengo eguna izan denez, ikasgaiaren aurkezpena izan dugu: ikasgaiaren azpiatalak eta lauhileko honetan zer egingo dugun azaldu digu. 

Blog bat sortu behar genuela esan digunean, asko kezkatu naiz ez naizelako oso trebea teknologiekin, baina hemen ikasteko gaude, beraz, neure burua animatu dut eta ahal dudan guztia egingo dut ikasgai hau aurrera ateratzeko. Blog-a bakarkako egunerokoa izango da eta honen gaia "Ikaskuntza prozesuaren etengabeko hausnarketa". Nahi izanez gero, K(i)likaTIK, hau da, irakaslearen blogatik ideiak atera ditzakegu beste urteetako blog batzuk agertzen direlako adibide gisa, baina horietatik edo beste nonbaitetik zerbait kopiatuz gero, gure blogean agertu behar da nondik atera dugun informazioa. Azken hau, oso baliogarria iruditu zait blog bat inoiz egin ez dugunontzat.



Klasea amaitzeko, hurrengo egunerako lana bidali digu, egin beharrekoa eGELAn daukagu azalduta.


3. PRAKTIKA (2014/10/24)

Atzo greba egon zenez, ez genuen klaserik eman eta gaur klaseko lehenengo 10-15 minutuetan gure zalantzei buruz hitz egin dugu eta ikasgaiaren antolaketa azaldu digu: bai praktikako eta bai teoriako klaseetarako 4 kideetako taldeak egin dituela, talde bakoitzaren zeregina zein den,... Talde bakoitzak bere lanak Site plataformaren bidez partekatuko ditu.

Gero, berak gustuko dituen blog batzuk erakutsi dizkigu eta bakoitza bere blogean gauzak jartzen joan gara.

Amaitzeko, bideoak eta irudiak nola sartzen diren irakatsi digu, baita ere hauen tamaina nola aldatzen den. Ondo ulertu dudala egiaztatzeko, oso interesgarria iruditzen zaidan bideo bat jarriko dut:



2. PRAKTIKA (2014/10/17)

Praktika honetan gure blogak sortzen hasi gara, blog bat nola sortu ez genekienoi blogger bidez egiteko esan digu eta pista gehiago eman gabe bakoitzak bere erara bidea bilatzen joan da. Batzuk youtuben tutorialak bilatzen egon dira, beste batzuk, bloga nola sortu zekitenei galdetzen zioten eta gainerakoek, bloggerrean sartuz gero, bloggerrek eskatzen dituen pausuak jarraitzen joan gara.

Bloga bloggerren bidez sortu daitekeela jakinda, erraza iruditu zait bloga egiten hastea dena pausuz pausu azalduta dagoelako, baina horrek ez du esan nahi ondo egiteko denbora behar ez denik. Nik behintzat, denbora asko behar izan dut blogeko diseinua nola editatzen zen ulertzeko.

Irakasleak  blogaren atalak zeintzuk diren eta zertarako balio duten azaldu digu: gadges, etiketak/tags,.. ez ditut ondo ulertu, baina bloga eratzen goazen heinean hobeto ulertuko ditugula esan digu.                                                                                                                                                                                                  
                                                                           

1. PRAKTIKA (2014/10/16)

Bakoitza ordenagailu batean jesarri gara eta internetetik trasteatzen egon gara ia ordu osoa: eGELAn igota dauden dokumentuak ikusi ditugu, K(i)likaTIK blogean sartu gara, iazko lan desberdinak aztertu,... bakoitzak nahi zuen lekuan sartzen zen behaketa askea zelako eta ordua amaitu baino ordu erdi lehenago, sortutako zalantzak galdetzen eta argitzen joan gara.

Pasa den urteko lanak aztertzen nengoela, blogak taldeka (4 kide) egindakoak zirela ikusten nuen eta bakoitzak nahi zuena jartzen zuela, guztiz desberdinak ziren haien artean.

Irakasleak azaldu digu aurten bloga banaka egingo dugula, bestalde, porfolioa eta bloga gauza bera direla argitu digu. Hau da, porfolioan jarriko genukeena blogean agertuko dela eta egunerokoaz aparte hezkuntzarekin lotura duen edozer sartu ahal dugula.

Bloga egiteko ez dago jarraitu beharreko bide zehatzik, beraz, hasieran apur bat zaila izango da, hala ere, bakarkako lana denez nahiz eta hasieran oso galduta egon azkenean blogaren funtzionamendua ikasteko bide hobea dela uste dut, normalean taldeka lan egitean ulertzen ez duguna besteei usteko joera daukagulako.