2014(e)ko abenduaren 21(a), igandea

AMAIERA

Azkenean, IKT ikasgaiaren amaierara heldu gara. Orain arte hemen azaldutako guztia izan da klasean eman duguna, nahiz eta ikasturte honetan IKT gehiagorik ez eman, ziur nago ikasten eta hobetzen jarraituko dudala.


Ikusten duzuenez, hau nire azken sarrera da, horretarako bideo baten bidez agur esaten dizuet eta hurrengora arte!!


Amara Berrri

Amara Berri sistema ikaslea ardatza izanik, eskola elkarte osorako hazkunde proiektua da.




Amara Berri sistema (informazio zehatz gehiago).

GAINONTZEKO AURKEZPENAK

Ikaskuntza-gurpileko aurkezpenez gain, dokumentatzaileen lanaren aurkezpenak, Sitesen aurkezpenak eta Teknografien aurkezpenak egon dira.

Dokumentatzaileen eta Sitesen aurkezpenak egotea ezinbestekoa iruditzen zait. Besteek egindako lana ikustea asko gustatu zait ikasten jarraitzeko balio duelako; zer egin duten ondo eta txarto ikusi daiteke, zer aldatuko genuke gure lanetatik besteenak ikusi ondoren edo besteen lanetatik zer aldatuko genuke gure lanean hobeto dagoela uste dugulako, eta  abar.

Dokumentatzaileen lehenengo taldea: Talde honen Sitesa oso ondo dago, gauzak modu argian daude azalduta eta praktikako aurkezpenean egin zuten ariketa oso ideia ona iruditu zitzaidan. Haien Siteseko kolorea aldatuko nuke seriotasuna galtzen duelako eta bertan agertzen den informazioa kalitate onekoa izango ez dela iruditzen zaidalako.

Dokumentatzaileen bigarren taldea: Talde honen Sitesa oso ondo dago, gauzak modu argian eta zehatzean daude azalduta, euskararen aldetik maila ona dutela nabaritu egiten da. 

Dokumentatzaileen laugarren taldea: Argi dago, talde honek teknologiari buruz gehien dakien taldea dela. Hauen Sitesa da gehien gustatzen zaidana, bai bertan agertzen den informazioa eta bai informazio hori nola antolatu duten. Lan bikaina egin dutela uste dut.

Sitesak, orokorrean ondo daudela iruditzen zait, nahiko sinpleak dira eta taldearen lanak biltzeko modua da. Alde batetik ikusi dezakegu nola Ester Diegoren taldeak Sitesa modu batean antolatu duen eta gainontzeko biak beste modu batean. Gehien gustatzen zaizkidanak lehenengo bi taldeen Sitesak dira, informazioa modu desberdinean antolatuta egon arren, bi horietan modu argiagoan dagoela ematen duelako edo nik behintzat, bertan agertzeen den informazioa hobeto ulertzen dut. 

Bestalde, teknografiaren lana ez zait aurrekoa bezalako garrantzitsua iruditzen, baina asko gustatu zait eta guztiok bakarka egin beharreko lana dela uste dut, nahiz eta klase aurrean ez aurkeztu. Nire ustez, guztiok gelditu beharko ginateke momentu bat irakasleak zergatik izan nahi dugun pentsatzera.


Teknografien aurkezpenekin ez dut asko sakonduko, modu ezberdinean eginak egon arren nahiko antzekoak direlako guztiak. Horretan nota jartzea zaila iruditzen zait bakoitzaren bizitzaren kontakizuna delako, baina guztien arten, bi bereizten ditut. Alde batetik, Mireiaren teknografia aipatzea beharrezkoa ikusten dut, lan hau egiteko baliabide berri bat erabili duelako eta gainera, klase aurrean nola erabiltzen zen azaldu zuelako. Bestalde, Gontzalen teknografia dago, nire ustez besteengandik gehien desberdintzen den teknografia da bideo bat egin zuelako, berak hitz egiten agertzen den bideoa eta ez dut txarto dagoela esaten, lan hau egiteko beste bide bat da eta, baina niri gutxien ailegatu zaidan teknografia izan da.


IKASKUNTZA-GURPILPEKO TALDEKIDEEN HAUSNARKETA

Hasierako aurkezpenak izan ziren hauek, orokorrean gai oso garrantzitsuak atera dira eta bakarkako hausnarketa bat egitera bultzatzen gaituzte. Niretzat, ia gehienak gai berriak izan dira eta haietaz zerbait ikastea asko gustatu zait hezkuntzarekin lotura handia dutelako. Hauen hausnarketa dagokien dokumentatzaileen Sitesean dago, haien lanarekin, erabilitako dokumentuekin eta aurkezpena egin zuteneko argazkiekin batera. 

Klaseko dokumentatzaileen Sitesak:

AUTOEBALUAKETA

IKT irakasgaiaren metodologia azaldu ziguten egunean, ez nekien oso ondo nola egingo nion aurre eta hasiera batean, nahiko galduta egon nintzela esan beharra dago. Teknologiarekin lan egitea gustuko dut, baina ondo ezagutzen ez ditudan programekin oso traketsa naizenez, beldur pixka bat nion. Blogak, Sitesak,… sortzeko eta garatzeko jarraitu beharreko urrats finkorik ez edukitzeak askatasunaren seinalea da, baina gauza horiek sortzen dudan lehenengo aldia izan denez, nondik hasi ere ez nekien.

Azkenean, bidean topatu ditudan zailtasun guztiak gainditzea lortu dut eta eskertzen dut bloga bakarka egiteko lana izatea, horrela bakoitzak ikasgai honetako klaseak nola bizi dituen azaltzeko aukera duelako eta gainera, taldekako eta bakarkako lanak egitea nahiago dut. Bestalde, taldeak txikiak izatea ere asko eskertzen da, horrek taldeko harremana hobea izatea laguntzen duelako.

Orain, ikasgai honen azkeneko klaseetan, klase hauen helburua zein den ulertzen hasi naizela uste dut. Normalean, irakasle bat klasera heltzean materia asko irakasteko joera du, klase bakoitzean irakatsi nahi duena planifikatzen du, baina ikasgai honen planifikazioa bestelakoa dela esatera ausartuko naiz. Honen helburua, klaseak emateko baliabide desberdinak ezagutzen joatea da, gero guk gure gustukoa edo eroso sentitzen garen baliabidea aukeratzeko, baina ez hori bakarrik. Baliabide desberdinak ezagutzeaz gain, hezkuntzarekin lotura duten gauza asko ikasi ditugu: eskola 2.0, web 2.0, konpetentzia digitala, klaseak emateko modu berriak, eta abar. Honetaz aparte, klase hauek beste gauza oso garrantzitsu bat ikasteko ere balio izan dute, hau da, dokumentatze lana.

Niri dokumentatze lana egokitu zait eta egia esateko, ez nuke nire lana aldatuko. Oso gustura jardun dut nire taldekideekin, jadanik nola egiten duten lan ezagutzen nuelako eta horrek asko erraztu du gure lana. Gainera, taldekide guztiak teknologien aldetik jakintza maila antzekoarekin hasi ginen eta pixkanaka pixkanaka, jakintza hori garatzen joan gara. Oso harro nago beraiekin egindako lanarekin eta gure helburuak bete ditugulakoan nago.
Guztiok modu berdinean eta gogotsu lan egiten egon garenez, 9 bat jarriko nieke. Gauza berriak ezagutzeko prest egon garelako, eta zailtasunak izan arren, amore eman gabe aurrera jarraitzea lortu dugulako.

Ikastola batean dokumentatzea umeen inguruan gertatzen den guztia behatzea, hausnartzea eta partekatzea dela esango nuke. Hiru atal horietako bakoitza ezinbestekoa da dokumentatze lana ondo eginda egoteko, hau da, dokumentatzea ez da bakarrik gertatzen dena grabatzea eta gero grabazio hori beste bati ematea, baizik eta grabatutakoari buruz hausnarketa bat egitea eta gero, grabazioa edo hausnarketa partekatzerako orduan azalpenak/ondorioak ematea.
Eskoletan dokumentatzea ideia ona iruditzen zait klasean teknologia berriak sartzeko aukera eskaintzen duelako, klaseak ez liratekeelako aspergarriak izango eta hezkuntzan ikertzeko aukera paregabea delako.

Nire ustez, irakasgai honetan azterketa ez egitea oso ideia ona da, azterketa ikasgaiak bere funtsa galtzea ekarriko lukeelako. Eroso lan egiten gaudenean, gure kabuz informazio berria bilatzen dugu eta gauzak ikasten ditugu (argi dago irakaslearen laguntza behar dela gu apur bat bideratzeko), azterketarekin, aldiz, ikastera behartuta sentitzen gara eta orduan gauzak buruz ikasten ditugu bi egun barru ahazteko eta horrek etorkizunean ez digu lagunduko.

Bederatzi bat jartzen diot neure buruari. Asko ikasi dut; gogotsu lan egiten egon naiz; zailtasunekin topo egitean, berehala beste bide bat bilatu beharrean zailtasunaren zergatia zein zen bilatzen nuen; egindako lana aurkezteko orduan azalpen onak eta ulergarriak eman ditudala uste dut; errespetu osoz egon naiz klasean egunero klasera etortzen eta ordua heldu baino lehen klasetik ez irteten, eta abar.



2014(e)ko abenduaren 18(a), osteguna

13. PRAKTIKA (2014/12/18)

Hau IKTko azken klasea izan da eta horretarako ordu erdi luzatzea erabaki dugu.

Aurreko asteetan amaitu barik utzitako aurkezpenak izan ditugu eta IKTak erabiliz bi ariketa desberdin proposatu dituzte:
Lehenengoa, ordenagailuan Hot Potatoeseko ariketak egitea izan da, aurten ikasgai honetan ikasitako gauzei buruz; eta bigarrena, Whatsapp-a erabiliz, taldeka Power Point bat sortu dugu, haiek whatsapparen bitartez bidalitako jarraibideak jarraituz eta haiek sortutako Sitesera igo dugu.











Amaitzeko, gimnasiora jaitsi gara Paolo Freireren bideo bat ikusteko asmoz, baina ikusteko arazoak izan ditugunez, azkenean gure taldeko autoebaluazioa egin dugu eta IKT ikasgaiari buruzko debate txiki bat ireki dugu, batzuk haien kexak, iritziak, usteak eta abar adieraziz.


ZAZPIGARREN KLASE TEORIKOA (2014/12/18)

Gaur teoriako azken klasea izan dugu, falta zen dokumentatzaile taldearen aurkezpena entzun dugu eta ondoren, Alaitzen ikasgaiari amaiera emateko bideo eta testu interesgarri batzuk erakutsi dizkigu.

Nire ustez, ondoko bideo hau izan da erakutsi digun gauzarik interesgarriena, bertan ideia sakon asko agertzen direlako eta bideoko emakumearekin ados nago.



Azkenik, irakaslearen ebaluazioa bete dugu eta etxean egin beharreko hausnarketak batu ditu.



2014(e)ko abenduaren 17(a), asteazkena

12. PRAKTIKA (2014/12/12)

Gaurko klasea, modu nahiko desatseginean hasi da. Atzo Alaitzek bidalitako mezu bat gaizki ulertuak sortu ditu eta eztabaidatzen hasi dira. Azkenean, dena argitu dugu eta hurrengo klase teorikorako irakasgaiaren ebaluazio idatzia entregatu behar dugula esan digu, bertan gure autoebaluaketa, gainontzeko taldeen ebaluaketa,... agertu behar direlarik.
                                            

Eginbeharreko lanarekin lotura zuen guztia argitu ondoren, aurkezpenekin jarraitu dugu. Oso aurkezpen interesgarriak izan dira eta teknografia gehiago ikusi ditugunez, teknografia desberdinak daudela antzemateko aukera izan dugu. Teknografia batzuk beste batzuk baino pertsonalagoak dira, baliabide desberdinak erabili dituzte,...

Nahiz eta klasea modu oso desatseginean hasi, klaseko giroa apur bat lasaitu egin dela eta teknografiak ikustean gozatzeko gai izan garela uste dut.

SEIGARREN KLASE TEORIKOA (2014/12/11)

Aurreko astean ez genuen klaserik izan "modulo astea" izan zelako eta taldeka TIM lana amaitzen egon ginen lana entregatzeko epea hurbil baitago.


Ostegun honetan aurkezpenak egon dira berriro ere, baina gaurkoak desberdinak izan dira, hau da, dokumentatzaileon txanda izan da eta ikasturte honetan egindako lanaren aurkezpena egin behar izan dugu. Lau dokumentatzaile talde daude, baina hiru aurkezpen egiteko astia bakarrik izan dugu.


                                          

Orokorrean nahiko ondo egon dela deritzot, talde bakoitzak egindako lana eta sortutako Sites-aren antolaketa oso ondo eta naturaltasun osoz azaldu dugula uste dut. Lan interesgarriak atera dira eta prozesua luzea eta zaila izan arren, azkenean, genituen helburuak lortu ditugulakoan nago.

Amaitzeko, esan beharra dago klasea oso adi egon dela haien lanak eta horiei buruz egindako hausnarketak ateratzen zirelako, geneukan iritzia jakin nahi zuten.

2014(e)ko abenduaren 8(a), astelehena

11. PRAKTIKA (2014/12/11)

Gaur egun gogorra izan dugu,  gai berdinari buruzko bi aurkezpen egin behar izan ditugu, hau da, aurkezpen bat teoriako klasean eta beste bat praktikako klasean.

Hau egin behar genuela esan zigutenean, gure zalantza eta beldurra aurkezpen bakoitzean zer esango genuen ez jakitea zen, pertsona berdinei zuzenduta egongo zelako, gai berdinari buruz, baina gauza desberdinak azaldu behar genituen errepikagarria izan ez zedin.

Azkenean, teoriako aurkezpenean gure Sitesari buruz hitz egitea erabaki genuen (antolamendua, aurkezpenen hausnarketa,...) eta praktikako aurkezpenean gure lanaren prozesuari buruz hitz egitea.

Praktikako aurkezpenaren helburua, esperientziak elkartrukatzea zela kontuan izanda, zerbait guztiz desberdina egitea erabaki genuen. Gloster programaren bidez, 4 galdera proposatu genituen taldekideen arreta bereganatzeko klasean eztabaida bat sortuz eta guztien iritziak partekatuz.

                     



Gure aurkezpena amaitutakoan, beste aurkezpen batzuk egon dira eta gero, gimnasio txikira jaitsi gara bertan teknografiak ikusteko. Gimnasioko giroa teknografiak ikusteko oso egokia izan da gertutasuna transmititzen zuelako. Oso politak eta emotiboak iruditu zaizkit.


Nire taldearen Sitesean sartuz gero, aurkezpenak egin eta gero, idatzitako gure azken balorazioa irakurri dezakezue.

10. PRAKTIKA (2014/11/27)

Aste honetan, praktikako klase bakarra izan dugu ostiralean klaseak 11:30etan amaitzen direlako graduazioa dela eta. Denbora soberan ez dugunez, hurrengo ostegunean, "modulo astean" klasea emango dugula erabaki dugu.

Gaurko klasean talde lana egiten jarraitu dugu. Taldekide guztiak batera eta gertu lan egiteko, klaseko bi ordenagailu eta portatil bat erabiltzen egon gara. Sitesean behatu behar ditugun talde guztien argazkiak, lanak, irakurritako testuak eta ondorioak idazten joan gara.
Oso pozik gaude gure Sitesa forma hartzen doalako.

                                                        

Oso deigarria izan da, gaur ordua baino apur bat lehenago inor ez altxatzea eta klasetik irtetea autobusa hartzeko.

9. PRAKTIKA (2014/11/21)

Klasean sartzean ordutegiekin eztabaidatzen topatu ditut, 15 minutu lehenago atera nahi dira ostegun eta ostiraletan gero ordu oso bat autobusa itxaroten egon behar ez izateko, baina guztira astero 30 minutu galduko genituzke eta hori errespetu falta da. Ordutegian aldaketak egiten saiatu gara guztiok pozik egoteko, baina ez dugu lortu, ordutegian ezin ditugu aldaketarik egin.

Ondoren ondoko bideo hau jarri digu: https://www.youtube.com/watch?v=zlaWp5aYey0


Bideoan agertzen den gizonak, ordenagailuak herrialde azpigaratuetara eraman ditu eta umeak haien kabuz asko ikasi ahal dutela nabaritu du. Ikasleak taldeka ordenagailuetan egiten zuten lan eta bere hausnarketen arabera, ikasleengan konfiantza izan behar dugu ezin dugulako jakin denbora guztian zer dauden egiten. Amaitzeko, ordenagailuekin gehiago  ikasten dela dio "memoria visual" dela eta, gainera askok gauzak ikertzen jarraitzen zuten klasea amaitzean.

Gaurko klasean deigarria izan da musikarekin lan egiten egon garela, Alaitzek "The very best of Moby" jarri digu.


Klaseari amaiera emateko, ondoko artikulu hau irakurri dugu eta bertan agertzen den bideoa ikusi dugu.

Oso interesgarria da, bakoitzak bere hausnarketa egitera bultzatzen gaitu eta gainera, dokumentatzaile lanarekin harreman handia dauka.

Klasetik irten baino lehen, bakoitzak honekin lotura duen hitz bat esan du. Nik aukeratu dudan hitza ERRUTINA izan da.



2014(e)ko abenduaren 6(a), larunbata

BOSGARREN KLASE TEORIKOA (2014/11/27)

Gaur ere aurkezpenekin jarraitu dugu, lehenengo bi taldeen aurkezpenak behatzea egokitu zaigu oraingo honetan.
Dokumentatu behar izan ditugun taldeen gai orokorra konpetentzia digitala izan da, baina talde bakoitzak testu desberdinak landu behar izan ditu. 

Guztiek oso ondo egin dute, baina hasierako aurkezpenekin konparatuta, guri egokitutako taldeek hobeto egin dutela uste dugu, hala ere, aurkezpena prestatzeko denbora gehiago izan dutela kontuan hartu behar da. Bestalde, gure bikoizketan ez dauden taldeak direla nabaritu egin da, guk erabiltzen ikasi ez ditugun programak erabili dituztelako.

Oso interesgarriak iruditu zaizkit erabili dituzten baliabide guztiak. Nire ustez, klasearen arreta gehien bereganatu duten taldeak powtoon-a erabili dutenak izan dira, baliabide ezezaguna izan delako gehienontzat.

Amaitzeko, asko gustatu zait talde batek proposatu duen hausnarketa, ea nahiago dugun ikasleek ordenagailuekin lan egitea edo dena eskuz egitea. Denbora behar izan dut nire erantzuna pentsatzeko, baina azkenean erabakirik onena gauza biak erabiltzea izango litzatekeela uste dut, hau da, ondo dago ikasleek ordenagailuekin lan egiten ikastea, baina muga batzuk jarri behar zaie teknologia gehiegi erabiltzeak ere bere alde txarrak dituelako.

(Gaurko klasean oso pertsona gutxi egon gara, Alaitzi ez zaio bat ere gustatu eta horregatik zerrenda pasatu du klase hasieran).